PRESTAKUNTZA EKINTZA ESKATZEKO JARRAIBIDEAK
Edozein toki entitatek edo toki administrazioko edozein kolektibo profesionalek egin dezake Prestakuntza Ekintza baten eskaera eta helburu du NUKFren Prestakuntza Planean prestakuntza ekintza bat sartzea, toki entitate batera edo batzuetara mugatua, edota administrazioko kolektibo profesional batzuetara.
Horrenbestez, Prestakuntza Ekintzen Eskaerak berariazko prestakuntza ekintza gisa tramitatzen dira. Haietan, izena emateko prozesua berezia da, prestakuntza ekintza nori zuzendua dagoen, langile-talde horri bakarrik helarazten baitzaio izena emateko buletin elektronikoa; betiere, aldez aurretik prestakuntza ekintza planean sartuta badago eta data, tokia, irakaslea eta gainerakoak behar bezala programaturik badaude.
NUKFk ez ditu Prestakuntza Ekintzen Eskaerak diruz laguntzen. Planean sartu besterik ez da egiten. Horrek esan nahi du prestakuntza ekintzak Planaren parte izatera pasatzen direla eta, beraz, NUKFk horren gaineko guztiak hartzen dituela bere gain: irakasleak kontratatzea, parte hartzen duten langileak kudeatzea, material didaktikoak, lokalak eta abar. Hori dena ezertan ukatu gabe lankidetzan ari daitekeela horretan, prestakuntza ekintzaren xede diren entitatearen edo entitateen lehentasunekin bat.
Nork egin dezake Prestakuntza Ekintza baterako eskaera?
Prestakuntza Ekintzak NUKFren Prestakuntza Plan Bateratuaren parte direnez, NUKFri atxikitako toki entitate batek egin behar du eskaera (oro har, Nafarroako edozein toki entitate), eta, hortaz, entitate hori ordezkatzen duen pertsonak izenpetu behar du. Gainera, harremanetarako pertsona batek egon behar du identifikaturik. Hari zuzenduko zaio NUKFko Prestakuntza Zerbitzua, programazioa egiteko, zehazteko norainokoa izanen den prestakuntza ekintza eta nola igorri buletin elektronikoaren esteka.
Noiz arte aurkez daitezke Prestakuntza Ekintzen Eskaerak?
2026ko Prestakuntza Planerako Prestakuntza Ekintzak eskatzeko epea 2025eko urriaren 26an amaitzen da.
Data horren ondoren Prestakuntza Ekintzen Eskaerak jasoz gero, ahaleginak egingo dira horiek Planean sartu ahal izateko, kontuan harturik Planaren aurrekontua kudeatu behar dela eta hura gauzatzeak muga ekonomikoak ezartzen dituela. Halaber, eskatutako prestakuntza ekintzen edukiak bateragarria izan behar du aurreikusitako ekintzekin. Hau da, lehenago sartutako ikastaroren baten errepikapena izan daiteke, edo, bestela, tartea eduki behar da Planaren aldaketak tramitatu ahal izateko. Horrek eskatzen du Prestakuntza Ekintzen Eskaerak urria baino lehen tramitatua egotea. Edonola ere, prestakuntza ekintzak abenduaren 31 baino lehen gauzatu beharko dira.
Nola tramitatzen dira Prestakuntza Ekintzen Eskaerak Prestakuntza Planean?
Behin Prestakuntza Ekintzen Eskaera jasotzen denean, NUKFko Prestakuntza Zerbitzuak zehaztuko du hura Planean sartu behar den ala ez. Eskuarki, eskaera guztiak sartzen dira, salbu eta ez badute loturarik langileen prestakuntzarekin. Baina, horretarako, beharrezkoa da aurrekontu erabilgarria edukitzea eta ekintzaren xedea aurreikusita egotea laguntzen deialdian onetsitako Planean, edo horren ondoko aldaketan. Horregatik, komeni da Prestakuntza Ekintzen Eskaera Plana laguntzen deialdira aurkeztu baino lehen igortzea.
NUKFko Prestakuntza Zerbitzua harremanetan jarriko da eskaeran adierazitako pertsonarekin, eta zehaztuko du zer prestakuntza ekintzatan gauzatuko den eskaera. Prestakuntza Ekintzen Eskaerak Planean sartzen direnean garaiz igorri direlako, laguntzen deialdia ebazten den unetik aurrera gauzatzen ahal dira. NUKFk horren berri emanen du, ekintzak programatuz joan daitezen.
Deialdia ebatzi ondoren jasotzen diren Prestakuntza Ekintzen Eskaerak modu berezian tratatuko dira. Planean sartzeko, gaitasun ekonomikoa eta edukiaren bateragarritasuna egiaztatu beharko dira. Prestakuntza Zerbitzuak ahalik eta azkarren emanen du horren berri. Ahaleginak eginen dira Prestakuntza Ekintzen Eskaeran zehaztutako datak eta proposatutako irakasleak mantentzeko.
Plana amaitzen denean, kudeatu gabe gelditu diren Prestakuntze Ekintzen Eskaerak baliorik gabe geldituko dira eta beharrezkoa izango da hurrengo ekitaldian berriro ere prestakuntza ekintza horri dagokion eskaera egitea.
Prestakuntza Ekintzen Eskaera batetik eratorritako prestakuntza ekintzen kudeaketa
Prestakuntza Ekintzen Eskaera batetik eratorritako prestakuntza ekintzek izaera espezifikoa dute. Horregatik, entitatearen langile taldeko pertsona batek “ordezkari” rola hartu beharko du prestakuntzako web-atarian. Ordezkari horrek prestakuntza zerbitzuaren komunikazioak jasoko ditu; besteak beste, prestakuntza egingo duten pertsonei igorri beharko dien izen-emateko buletin elektronikoa. Halaber, ordezkariak dagoeneko online plataforman alta emanda dauden pertsonen izen-emateak egin ahalko ditu zuzenean. Horretaz gain, bertaratze orriak jasoko ditu eta horiek jatorrizko formatuan eta beteta bueltan igorri beharko dizkio prestakuntza zerbitzuari prestakuntza ekintza amaitzen denean. Halaber, prestakuntza ekintzaren parte-hartzaileen balorazioari buruzko laburpen txostena jasoko du ordezkariak.
Prestakuntza zerbitzuak jarraibideak emango ditu “ordezkari” profila egoki erabiltzeko.
Prestakuntza ekintzaren gutxieneko betebeharrak
Oro har, gutxienez 10 lagunek parte hartu behar dute prestakuntza ekintza bakoitzean, nahiz eta talde txikiagoak onartzen ahal diren, ekintza zein den edo norainokoa den kontuan harturik. Hori eskaeraren arduradunekin zehaztuko da.
